XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pentsa dezakezun bezala, landetxe edo nekazaritzarako bereziki antolatutako etxe hauek ez dira berdinak izango leku guztietan.

Ez da berdina izango Bretaina edo Landetako nekazal etxea edo Ipar Ameriketako edo Argentinako rancho bat; Finlandiako basoetako landetxea edo Italiakoa; Galiziako pazo-a edo Kataluniako masia.

Gainera kontutan izan beharko dugu ez dela berdina nekazari aberats batek eduki dezakeen landetxea eta nekazari arrunt edo pobre batek eduki dezakeena.

Aurreko adibide batzuetara jota, ez da berdina izango pazo bat eta Galiziako landetxe txiki bat, edo Kataluniako landetxe arrunta eta masia aberatsa.

Zuek egindako argazki bildumetara jota, ariketa bat egin dezakezu ezberdintasun hauek agertuz: Leku ezberdinetako landetxeak agertuko dira zuen argazki horietan.

Saiatu ahalik eta mota gehien biltzen edo liburuetan bilatu eta ikusten.

Begiratu arretaz argazki horiek eta idatzi zure koadernoan zein diren bakoitzean ikusten dituzun berezitasunak.

Begiratu hiztegietan rancho, pazo, masia, cortijo, casa de campo hitzak eta ondoren eztabaidatu zuen artean nolakoa den bakoitza eta azpimarratu egon daitezkeen ezberdintasunak.

Leku ezberdinetako nekazal etxeak aipatu ditugu aurreko ariketa horretan, baina dudarik gabe zuek ezagutzen dituzuen nekazal etxeak ez dira horrelakoak.

Zuek ezagutzen dituzuenak baserriak dira eta horiek direnez gureak, ahaztuko ditugu oraingoz urrutiko kontuak eta Euskal Herrira itzuliko gara berriro, hemengo baserria eta kaletxea alderatzera.